Urruñan bildu da La Rhun–E mugaz gaindiko proiektuaren Gidaritza Batzordea, proiektuaren aurrerapena eta hurrengo erronkak ebaluatzeko

Urruña (Pirinio Atlantikoak), 2026ko ekainaren 25a

Urruñako udaletxean bildu zen ostegunean, ekainak 25, POCTEFA ““Lanerako gune bat [GE1] / Encuentro, Elgarrekin” proiektuaren Gidaritza Batzordea; Frantziaren eta Nafarroaren arteko mugaz gaindiko lankidetzarako ekimen horren egoera aztertzeko hitzordu estrategikoa izan da.

Jean‑Jacques Lasserre Pirinio Atlantikoetako Departamentuko Kontseiluko lehendakariak eta Jean‑Pierre Mirande mendi-politikez eta mugaz gaindiko lankidetzaz arduratzen den lehendakariordeak deitu dute bilera, eta proiektuan inplikatutako erakundeetako bazkideak eta teknikariak elkartu dira.

Jean Pierre Mirande, mendi-politikez arduratzen den lehendakariordea, eta Ruben Goñi, Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko zuzendari nagusia, izan dira topaketaren buru.

Orekan ere izan da saioan, baita lurraldeko funtsezko erakundeetako ordezkariak ere, besteak beste, Berako alkate Aitor Elexpuru eta bazkide diren Frantziako hiru herrietako alkateak –Sarako Stéphane Barneix, Urruñako Sébastien Etchebarne eta Azkaineko Bénédicte Luberriag–, guztiak Frantzian izandako azken udal-hauteskundeen ondoren karguan sartu berriak.

Esparru horretan, bazkideek jarduketen aurrerapenak aurkeztu dituzte; horien artean, nabarmentzekoa da Landagaitako lepotik Larrungo mendigunera heltzeko dagoen pista bakarra egokitzeko lanak amaitu dituztela (udaberritik dago erabiltzeko moduan, eta Orekanek eta Berako Udalak gauzatu dute).

Nafarroatik ere hainbat inbertsio egin dituzte; izan ere, urtea amaitu baino lehen, borda [GE2] bat lehengoratuko dute (Garingo benta), mendizaleentzako aterpe eta ingurumen-hezkuntzarako gune bihurtzeko.

Proiektuaren beste jarduera nagusietako bat Larungain lehengoratzea da, mendiguneko benta nagusia, erregioen eta herrien arteko elkargune gisa. Gune hori publikoarentzat irekita egongo da, eta mendiguneko natura-, historia-, artzain- eta arkeologia-ondarerako sarbidea izango da. 

Proiektuak 3 milioi euroko aurrekontua du, eta Pirinio Atlantikoetako Frantziako Departamentuak, Orekan sozietate publikoak –Nafarroako Gobernuaren ordezkari– eta mugaren bi aldeetako tokiko erakundeek bultzatu dute, beste eragile instituzional eta pribatu batzuen artean.

Rubén Goñi Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko zuzendari nagusiak nabarmendu duenez, “proiektu honen jarduketa zehatzak dagoeneko errealitate bihurtzen ari dira, lurralde-garapen jasangarrirako eta tokiko ekonomiaren dinamizaziorako estrategien zerbitzura jartzeko mugaren bi aldeetan naturagune enblematiko eta pribilegiatua den Larrungo mendigunea, hau da, gure natura-ondareak eta imajinarioaren elementurik sinbolikoenek ematen duten aberastasunaren adibide paregabea”.

Larrungo mendigunera heltzeko pista egokitzea

Larrungo mendigunera heltzeko pista egokitzearen helburu nagusia –Orekanek eta Berako Udalak gauzatutakoa– mendiko azpiegitura horren segurtasuna hobetzea izan da, iraganean istripu larriak gertatu izan baitira.

Esku-hartze horri esker, Kaule auzoa (Bera) eta Larrungo gailurra lotzen dituen 3 kilometrotik gorako tarte bat hobetu dute –518 metroko desnibela eta %16,8ko batez besteko malda–. Erabilera mugatuko pista da –Udalak baimendu behar du–, eta, gehienbat, artzainek, bentetako langileek eta antenetako teknikariek erabiltzeko da.

2023ko maiatzean izandako uholde-eurien kalteen ondorioz, jarduketak errepidea egokitzeko eta hobetzeko beharrari erantzun dio; izan ere, argi geratu zen zorua oso ahula zegoela malda handiko tarte horretan. Egindako lanen artean, honako hauek dira nabarmentzekoak: eremu maldatsuenetan hormigoizko zoladurazko tarte berriak egitea, dagoeneko hormigoituta zeudenak konpontzea, beste batzuk material pikordunarekin (zagorra) egokitzea eta ibilgailuak gurutzatzeko espazioak jartzea. Era berean, drainatze-sarea indartu da, ur-hodiak egokituz eta ubide berriak eraikiz, funtsezko elementuak jariatze-urek zorua honda ez dezaten.

Jarduketaren kostua 290.036,35 eurokoa izan da osotara; haietatik % 65 Europar Batasuneko FEDER funtsek kofinantzatu dute La Rhun-E proiektuaren bidez, Interreg VI-A Espainia-Frantzia Andorra programaren esparruan (POCTEFA 2021-2027).

Pistaren mantentze-lanak erabiltzaile nagusien artean koordinaturik egingo dituzte: Berako Udala, artzainak eta benten arduradunak. Lankidetza horri esker, bidearen segurtasun-baldintzak epe luzera bermatuko dira.

Proiektuaren egoeraren ebaluazioa

Saioan, proiektuaren esparruaren, helburuen eta aurreikusitako ekintzen aurrerapen-mailaren berrikuste global bat egin dute. Testuinguru estrategikoaren aurkezpena ez ezik, gauzatutako jarduketen, martxan daudenen eta proiektua amaitu arte egiteke daudenen balantze xehea ere jorratu du programak.

Egun, 2026ko Larre eta Artzainen Nazioarteko Urtea ospatzeko, jardunaldi bat antolatzen ari dira, udazkenerako, Larrunen artzaintzari lotutako jarduerek leku nagusia izan dezaten.

Horrez gain, bentetara doazen mendi-bideak antolatuko dituzte, komun publikoetarako gune bat egokituko dute eta inguruan dauden bidezidorren seinaleak jarriko dituzte mendian. Era berean, mendiaren azterketa arkeologiko eta historiko sakona egiteko lanean ari dira, giza jarduera handia gordetzen baitu eremuak.

La Rhun-E ekimena POCTEFA programaren ingurumen-lehentasunaren barruan dago, eta Larrungo mugaz gaindiko lurraldearen balio ekologikoak babestea, zaintzea eta sendotzea du helburu, 2024tik 2027ra bitartean (hasiera batean aurreikusitako epea). Gaur egun, lankidegoa epea luzatzeko aukera (urtebete) lantzen ari da, eta, halaber, ekintzen programa eta aurrekontu-banaketa doitzen ari da, proiektuaren espiritua bere horretan mantenduta beti ere.

Hainbat jarduketa-ildotan aurrerapen garrantzitsuak egin direla egiaztatu du batzordeak. Azpiegiturei dagokienez, dagoeneko eginda dauden lanak nabarmentzen dira, hala nola Beratik mendigunera heltzeko pista –Orekanek eta Berako Udalak egina, eta 2026ko martxoan amaitua– eta goiko eremuan elektrizitateari, urari eta saneamenduari buruzko hainbat azterketa tekniko. Beste ekimen batzuek ere aurrera jarraitzen dute, besteak beste, Garingo benta lehengoratzea, ibilbideak eta sarbideak hobetzea. eta gailurrean ekipamendu berriak planifikatzea.

Aldi berean, sarbideak eta fluxuak kudeatzeko mugaz gaindiko eskema baten definizioan aurrera doa proiektua; eskema horretan, mugikortasunari buruzko azterlanak eta mandazainen bidezidor historikoa lehengoratzeko proiektua sartzen dira, 2026ko udazkenetik 2027ko negura bitartean egitekoa.

Ingurumenaren babesa, ondarea eta gobernantza partekatua

Proiektuaren ardatz nagusietako bat Larrungo ondare naturala eta kulturala babestea da. Ildo horretan, dagoeneko zenbait ekintza garatu dituzte, besteak beste, espezie inbaditzaileen aurkako borroka, hezeguneak babestea eta biodibertsitatearen inguruko hainbat azterketa Natura 2000 Sarearen esparruan.

Bisitariei eta bertakoei zuzendutako sentsibilizazio-programak ere sustatu dituzte, besteak beste, bitartekaritza goi-denboraldian tokian bertan, hezkuntza-jarduerak eta partaidetzako jarduerak mugaren bi aldeetan. Kulturari dagokionez, mendigunearen ondare historikoari buruzko ikerlanak nabarmentzen dira, Larrungo trenari eta benten memoriari buruzko ikerlanak barne.

Proiektuak, halaber, gailurrean sarbide komun bat eta espazio publiko partekatu bat sortzeaz gain, lankidetza publiko-pribatuan oinarritutako mugaz gaindiko gobernantza-eredu berritzaileak garatzea eta Europako beste lurralde batzuetan izandako antzeko esperientziak aztertzea aurreikusten ditu.

Ia 3 milioi euro inguruko aurrekontuarekin (% 68 Frantziak finantzatua eta % 32 Espainiak), La Rhun-E erronka estrategikoa da Larrunen inguruko lankidetza, jasangarritasuna eta lurralde-garapena indartzeko.


 [GE1]Nota de t.: ¿Falta “Ensemble”?

 [GE2]Nota de t.: ¿no se trata de una venta?