
Unai Larraya eta Iñako Redín argazkilari nafarren irudiek osatzen dute erakusketa, eta haiek erakusten digute Larrun mendiak duen aberastasuna, ingurumenari, kulturari eta artzaintzari dagokienez.
“Larhuni begira: elkargune bat mendian” argazki-erakusketa berriro izango da Larrungo tontorrean: udan zehar, Larungo Kaiola bentan egongo da ikusgai, hain zuzen, mendigunearen gailurrean.
Erakusketa POCTEFA Larhun-E mugaz gaindiko proiektuaren esparruan antolatu dute, eta Unai Larraya eta Iñako Redín argazkilari nafarren 20 irudik osatzen dute, Larrun mendiak duen aberastasunaren erakusgarri ingurumenari, kulturari eta artzaintzari dagokienez. Irudi horiekin batera zenbait panel daude, POCTEFA La Rhun-E proiektuak bultzatutako ekintza nagusiak azaltzeko, ingurumenaren kontserbazioari, sentsibilizazioari eta kudeaketa partekatuari dagokienez.
Erakusketa ibiltaria da, eta proiektuaren parte diren hainbat herri eta erregiotan egon da dagoeneko, inguruko aberastasun kulturala, soziala eta naturala publikoarengana hurbiltzea helburu nagusi duela.
20 argazki artistikoei esker, ikuslea proiektuaren ekintza, balio eta helburuetan murgildu daiteke, mugaz gaindiko lankidetzaren garrantzia nabarmentzeaz gain, tokiko komunitateen nortasuna ospatzen baitu, baita jasangarritasunarekiko konpromisoa, ondarearen kontserbazioa eta tokiko ekonomiaren bultzada azpimarratu ere.

3 milioi euroko finantziazioa
POCTEFA Larhun-E mugaz gaindiko proiektua Europar Batasunak kofinantzatzen du 2.999.087,95 euroko aurrekontuarekin, Interreg VI-A Espainia-Frantzia-Andorra (POCTEFA 2021-2027) programaren bidez. “Lanerako gune bat: ensemble, encuentro, elgarrekin” lemapean, 2027ra arte garatuko den La Rhun-E proiektu horrek natura, biodibertsitatea eta azpiegitura berdeen babesa eta kontserbazioa sustatzea du helburu, baita mugaz gaindiko gobernantza hobetzea eta inguruaren aberastasun kulturala eta ekonomikoa nabarmentzea ere.
Mugaren bi aldeetan bazkide diren zortzi entitatek garatzen dute: Pirinio Atlantikoetako Frantziako Departamentuak, Nafarroako Gobernuak –Orekan enpresa publikoaren bidez–, Euskal Hirigune Elkargoak (Akitania Berria) eta inguruko udalek.
Proiektuaren esparruan egiten ari diren ekintzen artean, gailurrean elkargune berri bat sortzea, uren saneamendu- eta arazketa-lanak eta gailurrerako bideak egokitzea nabarmentzen dira. Era berean, Larrungo mendiguneko natura- eta kultura-ondarearen ezagutza, kontserbazioa eta sustapena bultzatuko da, ingurumen-sentsibilizazioko eta -hezkuntzako ekintzen bidez.


