Argazki erakusketa bat inauguratuko dute Larungo gailurrean

Representantes del proyecto durante la inauguración.

Atzo, Larungo gailurrean argazki-erakusketa bat inauguratu dute, POCTEFA Larhun-E mugaz haraindiko proiektuaren esparruan. Ekimen horretan parte hartzen dute mugaren bi aldeetako administrazio eta toki-erakundeek, eta helburu dute mendigune hori babestea eta haren garapen jasangarria bultzatzea.

Larungo Kaiola bentan egin den ekitaldi ofizialean parte hartu dute Azkaineko alkate Jean-Louis Fournierrek, Berako alkate Aitor Elexpuruk eta Sarako alkate Battit Labordek, bai eta Pirinio Atlantikoetako eta Nafarroako eskualdeetako administrazioetako ordezkariek eta proiektuari laguntza ematen dioten erakundeetako ordezkariek ere.

“Larhuni begira: elkargune bat mendian” izeneko erakusketa osatzen dute Unai Larraya eta Iñako Redín argazkilari nafarren 20 argazkik, eta haien bidez erakusten digute Larhun mendiak duen aberastasuna, ingurumenari, kulturari eta artzaintzari dagokienez. Irudi horiekin batera zenbait panel daude, POCTEFA La Rhun-E proiektuak bultzatutako ekintza garrantzitsuenak azaltzeko: kontserbazio ekintzak, kudeaketa partekatuaren bidezkoak eta ingurumenari buruzko sentsibilizazioa bilatzen duten ekintzak.

Erakusketa Larungo Kaiolan egonen da irailera arte, eta ondoren proiektuan parte hartzen duten udalerri eta eskualdeetan barna mugituko da, POCTEFA Larhun-E proiektuaren emaitzak herritarrengana hurbiltzeko eta mugaz haraindiko eremu natural horren ikuspegi partekatua bultzatzeko.