Pirinio Atlantikoek eta Nafarroak indarrak batu dituzte Larrun mendia zaintzeko eta ingurunea biziberritzeko, tokiko garapenerako palanka gisa

Pirinio Atlantikoek eta Nafarroak bat egin dute mugaz gaindiko proiektu bat martxan jartzeko, Larrun mendiaren ingurune naturala babestea sustatzearren –mugaren bi aldeetan isurialdeak dituena— eta, aldi berean, lurralde-garapen iraunkorreko ekimenak bultzatzearren, inguruan jarduera sortu eta eremua biziberritzen laguntze aldera. Proiektua 3 milioi euroko aurrekontuarekin jarriko da abian.

Jean-Jaques Lasserre Pirinio Atlantikoetako Frantziako Departamentuko lehendakariak eta Jose Mari Aierdi Nafarroako Gobernuko Landa Garapen eta Ingurumen kontseilariarekin batera, POCTEFA La Rhun-E mugaz gaindiko proiektua onartu berria aurkeztu zuten atzo, Larrun mendiaren tontorrean egindako ekitaldian; bi erkidegoek urtebete baino zertxobait gehiago daramate EBren aurrean lanean.

950 metroko altueran, Larrun mendiaren gorenean ospatu den ekitaldira bertaratu diren pertsonak, gailurreraino igotzen den eta martxan jarri zenetik ehun urte bere berri dituen kremailerazko tren historikoan igo dira. Ekitaldira bertaratu dira halaber Communauté d’Agglomération du Pays Basqueko, Bera, Azkaine, Sara eta Urruñako udaletako eta GAN-NIK sozietate publikoko ordezkariak, tokiko beste agenteen artean.

300.000 bisitari baino gehiago urtean
Larrun mendigunea Sara, Azkaine, Urruña eta Bera udalerrien lurraldean aurkitzen da. Bere kokalekua dela eta, Foru Komunitatearen eta Pirinio Atlantikoen artean, naturgune eta ondare izaerako leku honek kudeaketa koordinatua eta ikuspegi komuna eskatzen du, ingurunearen babesa bermatzeko. Lurraldea erronka ugariren eraginpean dago, besteak beste, pertsona asko biltzen dira bertan, kremailera-trenean 300.000 bisitari baino gehiago ibiltzen baitira urtero, naturguneen sailkapenean asimetria dago mugaren bi aldeetan, eta gailurreko azpiegituretan dagoen saneamendua hondatu egiten da.

‘Lanerako gune bat: ensemble, encuentro, elgarrekin’ 2027ra arte garatuko den La Rhun-E proiektuaren helburua da natura, biodibertsitatea eta azpiegitura berdeak babestea eta kontserbatzea sustatzea, eta horrez gainera mugaz gaindiko gobernantza hobetzea eta eremuaren aberastasun kulturala eta ekonomikoa nabarmentzea. Mugaren bi aldeetan bazkide diren zortzi entitatek garatzen dute: Pirinio Atlantikoetako departamentu frantsesak, Nafarroako Gobernuak, GAN-NIK enpresa publikoak, Communauté d’Agglomération du Pays Basquek (Akitania Berria) eta inguruko udalek.

Proiektuaren esparruan egingo diren ekintzen artean, gailurrean elkargune berri bat sortzea, uren saneamendu- eta arazketa-lanak hastea eta gailurrerako bideak egokitzea nabarmentzen dira. Era berean, Larrungo mendiguneko natura- eta kultura-ondarearen ezagutza, kontserbazioa eta sustapena bultzatuko da, ingurumen-sentsibilizazioko eta -hezkuntzako ekintzen bidez. 

https://larhune.eu/ webgunean kontsulta daitekeen La Rhun-E proiektua, Europar Batasunak kofinantzatu du % 65ean Interreg VI A Espainia Frantzia Andorra programaren bidez (POCTEFA 2021 2027). POCTEFAren helburua Espainia, Frantzia eta Andorrako mugako integrazio ekonomiko eta soziala indartzea da.