POCTEFA La Rhun-E proiektuak hezkuntza bideo bat prestatu du, harriak mugitzeak ekosistema naturaletan, paisaian eta ondarean duen eragina erakusteko.
Bideoan azaltzen denez, harrien azpian organismo ugari daude –intsektuak, narrastiak, likenak eta goroldioak–, eta horiek funtsezko zeregina betetzen dute ekosistemaren orekan. Beraz, harriak mugitzean, haien habitata aldatzen da eta espezie askoren ziklo naturala eteten da. Era berean, ekintza horrek lurzoruaren higadura eta degradazioa bizkortzen ditu.
Bestalde, ohitura horrek, Larrun mendigunean hain errotuta dagoenak, abereak igarotzea oztopatzen du eta, horren ondorioz, artzaintzaren garapen egokia zailtzen du.
Bideo hori POCTEFA La Rhun-E proiektuak bultzatutako ingurumen hezkuntzako kanpaina zabalago baten parte da. Naturarekiko errespetuzko jokabideak sustatzea du helburu, eta joan den irailaren 27an hasi zen, Larrun mendigunean boluntariotza jardunaldi bat eginez. Bideoa eskuragarri egonen da proiektuaren sare sozialetan eta webgune ofizialean.
Ekimen horren bidez, POCTEFA La Rhun-E proiektuak natura ingurunea kontserbatzeko eta publiko guztientzat irisgarria eta hurbila den ingurumen dibulgazioa sustatzeko konpromisoa berresten du.
