Garbiketa eta sentsibilizazioko mugaz gaindiko boluntariotzako jardunaldia Larrunen

Voluntarios durante la jornada.

Joan den asteburuan, POCTEFA La Rhun-E proiektuaren esparruan, Bera eta Saratik etorritako hogei bat boluntariok garbiketako eta ingurumen-sentsibilizazioko jardunaldi batean parte hartu zuten Larrungo mendigunean.

Boluntarioak Larrun mendiguneko “pilotaleku” inguruan ibili ziren goiz osoan zehar, bisitariek pilatutako edo jarritako harri-pilak kentzeko. Izan ere, itxuraz kalterik egiten ez duen arren, jokabideak inpaktu larriak ditu ingurumenean, paisaian eta kulturan. Jarduera horretan inguruko alkate eta udal ordezkariek ere parte hartu zuten, bai eta mendiko bitartekari taldeak ere. Azken horiek uda osoa eman dute han bisitariei informazioa ematen eta ingurunea errespetatzeak duen garrantziaren kontzientzia zabaltzen.

Sentsibilizazio bikoitza: azalpen-bideoa

Jardunaldiarekin batera, La Rhun-E proiektuak sentsibilizazio-bideo bat egin du: harriak ez mugitzeko arrazoiak azaltzen dizkio jendeari, ingurune naturalean aldaketarik eragin ez dezaten. Bideoak mezu argia eta zuzena transmititzen du: “Ez mugitu harririk, ez eraiki dorrerik, errespetatu ingurunea eta partekatu mezua”.

Hain zuzen, edukiak azpimarratu egiten du harrizko dorreek ez dutela inolako funtzio praktikorik, baina haien ugaritzeak mikrohabitatak aldatzen dituela, faunari eta florari eragiten diela eta, gainera, historikoki bideak eta lurralde-mugak markatzeko erabilitako mugarri zaharrekin nahas daitezkeela.

Larrun zaintzeko konpromiso partekatua

Mugaz gaindiko POCTEFA La Rhun-E proiektuak Larrungo mendigunearen babesa, kontserbazio jasangarria eta kudeaketa koordinatua sustatzen ditu mugaz gaindiko kooperazioaren bidez lurraldearen biziberritzearen alde eginez. Hartara, herritarrak zein bisitariak naturagune paregabe honen zaintzan inplikatzea dute helburu horrelako boluntariotza-jardunaldiek.